M17 | Lurraren defentsan, kalera!
Hamaika arrazoi daude greba orokorrera joateko, guztiak pisuzkoak, eta lurraren defentsarako mugimenduan parte hartzen dugun eragileok, horretaz jabetuta, Hego Euskal Herriko martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egiten dugu. Deialdi honen aurrean, kapitalak naturaren aurka egiten dituen eraso etengabeei buruz dugun ikuspegia emateko erantzukizuna ere sentitzen dugu.
Kapitalismoa krisian dago gaur egun Europan. Krisian, Europa ez delako gai ekonomikoki nazioarteko lehiakideen erritmo berean hazteko, eta ez delako gai gizarteko maila gero eta handiagoetako oinarrizko gizarte-beharrak asetzeko. Europako oligarkiek langileriaren esplotazioa areagotuz eusten ari diote krisiari, eta, pertsonen bizi-baldintzen aurkako erasoen artean, lurraldearen gaineko esplotazioa eta kontrola ere areagotu egiten dituzte.
Azken mendeetan, kapitalismoak hainbesteko nagusitasuna lortu du naturarekiko, haren merkantilizazioaren eta neurrigabeko ustiapenaren bidez, azkenean, gainditu duela naturak birsortzeko duen gaitasuna, eta tamaina globaleko krisi ekologiko bat sortu du. Gaur egun, “deskarbonizazioa” edo “trantsizio energetikoa” bezalako diskurtsoak aitzaki hartuta, materialak ateratzen eta lurrak arpilatzen jarraitzen dute, krisian dagoen ekonomia bat suspertzeko nahian, proiektu industrial berriekin: Abiadura Handiko Trena, makrozentral eolikoak eta fotovoltaikoak, datu-zentroak, biometanizazio makroinstalazioak, industrialdeen eta merkantzien garraioaren hedapena (lurrez, itsasoz eta airez), hidrogenoa ekoizteko elektrolizagailuak, goi- eta oso goi-tentsioko lineak, etab. Ez da ahaztu behar oldarraldi hau globala dela, gure lurraldeari ez ezik, Afrika, Hego Amerika, Erdialdeko Amerika eta Mendebaldeko Asiaren gaineko nagusitasun historikoaz ere baliatzen dira, materialak eta debaluatutako eskulana jabetzen jarraitzeko.
Eraso hauen guztien aurrean, ondasun naturalen eta energiaren desmerkantilizazioaren alde antolatu eta borrokatu behar dugu, pribatizatutako guztia birjabetu behar dugu, kudeaketa eta zaintza komunalerako, eta gizartearen garapen arrazional baten alde egin behar dugu, naturak ezartzen dituen mugetara egokituta, pertsona guztien oinarrizko beharrak benetan asetuko dituena, elite batzuen aberasteari erantzun beharrean.
SINATZAILEAK / FIRMANTES
AHT Gelditu! Nafarroa · AHTrik Ez Arabako Haranak · Araba Bizirik · Arabako Mendiak Aske · Aramaixo Bizirik · Aroztegiko Elkartasun Komitea · Biharko Lautada · Biolur · Eguzki Talde Ekologista · Ehkolektiboa · Ekologistak Martxan Lizarraldea · Gure Haizea · Legutio Borrokan · Mutriku Natur Taldea · Nasti de Plastic Bizkaia · SOS Margarita · Stop Variante Las Karreras · Stop Zundaketak-AHTrik Ez! Idiazabal · Sustrai Erakuntza · Urbasa-Andia Bizirik · Urumeako Mendiak Bizirik · Zain Dezagun Urdaibai Elkartea

