Gara-ren “Nahitaezko trantsiziorako bi premisa" editorialari buruzko zenbait ohar:
Gara-ren " Nahitaezko trantsiziorako bi premisa" editoriala egungo eredu sozioekonomikoaren onarpen akritikoa da. Soilik makroproiektu berriztagarrietaz aritzeak eztabaida sinplifikatzea dakar, eta eztabaida horrek, duen garrantziagatik, askoz sakonagoa behar du izan.
Gure ondare naturala eta bidezko mundu bat defendatzen dugunok ezin dugu zalantzan jarri erregai fosilak alboratzearen beharra soilik. Zalantzan jartzen duguna da ezinbestekotzat aurkeztu nahi izatea eredu industrial, ekonomiko eta sozial bat, borrokatzen omen duen sistemaren akats berberak errepikatzen dituena.
Editorialaren arabera, Euskadiren energia mendekotasuna %90 ingurukoa da. Egia da, baina osatu gabeko datua da. Komeni da gogoraraztea Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitutako energiaren bosten bat baino ez dela elektrizitatea. Gainerakoa, batez ere, garraioan, industrian, ongarrietan, plastikoen erabileran eta berokuntzan erabiltzen diren petrolioaren eta gasaren eratorriak dira. Industrialde eolikoak eta zentral fotovoltaikoak neurririk gabe ezartzeak arazo hau berez konponduko duela pentsatzea sinplista eta oinarririk gabeko argudioa da.
Gainera, elektrizitatea sortzeko beharra azpimarratzen den bitartean, kontsumo elektrikoak urteak daramatza behera egiten, eta, paradoxikoki, Espainiako estatuan gero eta elektrizitate berriztagarri gehiago alferrik galtzen ari da, ekoizpenak eskaera gainditzen duelako une askotan. Ekainean soilik lau milioi etxeren urteko kontsumoaren baliokidea den energia elektrikoa alferrik galdu zen. Mendiak, basoak eta nekazaritza lurrak energia poligono berriekin okupatu aurretik, komeniko litzateke geure buruari galdetzea arazoa benetan energia sorkuntzan dagoen edo sistemaren planifikazioan.
Gogoeta merezi du, halaber, proiektu horiek kokatzen diren lurraldeei oparotasun ekonomikoa eta subiranotasun energetikoa ekarriko diotenaren promesak. Berriztagarrien ezarpen handia duten erkidegoen esperientziak (Nafarroa, Extremadura edo Burgos) argi utzi du aberastasun horrek ez duela ekarri gizarte garapen proportzionala ezta tokiko biztanleen erabakitzeko ahalmen handiagoa ere. Energia han ekoizten da, baina mozkinak energia enpresa handien esku geratzen dira, zeintzuk berdin egiten dute negozioa petrolioarekin eta eskala handiko berriztagarriekin. Korporazio horiek hartzen dute subirano izaera, ez lurren desjabetzea eta beraien ingurumenean eta paisaian eraginak jasaten dituzten herriek.
Editorialak herritarren parte-hartze handiagoa eskatzen du. Zaila da printzipio horrekin ados ez egotea. Hala ere, kontraesana da parte-hartzea defendatzea, indarrean dagoen legediak, 2024ko "Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legearekin", nabarmen murriztu dituenean udalen eta kontzejuen erabakitzeko ahalmena, hain zuzen ere lurren kudeatzaile eta jabe diren eta lurraldetik hurbilen dauden erakundeena. Ezin da partaidetzazko gobernantzaz hitz egin baldin eta tokiko erakundeek behin funtsezko erabakiak hartuta daudenean bakarrik emango badute beraien iritzia.
Ia aipatu ez den beste alderdi bat teknologia berriztagarrien inpaktu materiala bera da. Aerosorgailuak eta plaka fotovoltaikoak ez dira berez sortzen. Haien fabrikazioak, instalazioak eta garraioak karbono-arrasto handia du, bai eta altzairu, hormigoi, kobre, silizio eta mineral kritikoen kantitate handien kontsumoa ere (neodimioa, kadmioa, litioa, zilarra...), eta horiek erauzteak ingurumenean eta gizartean inpaktu garrantzitsuak eta bidegabeak sortzen ditu planetako beste leku batzuetan. Aerosorgailu handi bakoitzak ehunka tona material behar ditu, oinarriak egiteko, baita hamaika pista kilometro, zangak eta linea elektrikoak ere. Eguzki plakek, bestalde, energia intentsitate handiko industria prozesuak eta material urrien kontsumoa eskatzen dituzte, ebakuazio-lineak, eta abar. Hau onartuta, alde batera utzi behar da ingurumenari kalterik eragiten ez diotenaren ideia, oso zabaldua dagoena eta noski, okerra dena.
Arazo nagusia beste bat da. Hazkunde mugagabeak eragindako krisiari aurre egin nahi zaio, krisi hori eragin duen logika bera aplikatuz: ekoizpen handiagoa, azpiegitura gehiago, baliabideen kontsumo handiagoa eta lurraldearen okupazio handiagoa. Energia iturria aldatzen da, baina hazkunde iraunkor eta amaigabean oinarritutako eredu ekonomikoak bere horretan dirau.
Benetako trantsizioa ez da erregai fosilen ordez elektrizitate berriztagarria erabiltzea. Energiaren eta produktuen kontsumoa murriztea eskatzen du, objektuen bizitza baliagarria hobetzea, mugikortasun eta ekoizpen ereduak birplanteatzea eta aurrezpena lehenestea azpiegituren etengabeko hedapena baino. Teknologiak ezin izango dio eutsi planetak birsortzeko duen erritmoa baino askoz erritmo handiagoan baliabideak kontsumitzen dituen eredu bati.
Horregatik kezkagarria da bereziki editorialaren bukaerako esaldia, "batzuetan gauzak gaizki egitea hobe da ez egitea baino" dioena. Hain zuzen ere, trantsizio ekosoziala ezinbestekoa delako, ezin dugu gaizki egin. Gaur hartzen diren erabakiek eragina izango dute planetaren Bizitzan. Larrialdi klimatikoa ezin da izan ingurumen eskakizunak murrizteko edo eztabaida demokratikoa murrizteko aitzakia.Kapitalismo jasangarria kontraesan bat da, estraktibismo arduratsu bat edo gerra humanitario bat bezalaxe, Txema Garciak Naiz-en argitaratutako "El extractivismo empieza en ti y en mí" artikuluan idatzi zuen bezala; gomendagarria artikulu hori irakurtzea.
Benetan nahitaezkoa den trantsizioa ez da energia iturri batzuk beste batzuekin ordezkatzera mugatzen dena, eredu ekonomiko bera bere horretan mantentzen duen bitartean. Benetako nahitaezko trantsizioa da materialen eta energiaren kontsumo txikiagoarekin bizitzeko gai den gizarte baterantz daramana, pertsona bakoitzaren premien arabera ondasun komunetarako sarbide zuzena bermatuz, merkantilizaziorik gabe, Mendiei buruzko azaroaren 21eko 43/2003 Legearen 14. artikuluak jasotzen duen ildotik: "Baso-jabari publikoko mendiak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute haien titulartasuna zergapetzen duen zergarik ordaindu behar"; eta, jakina, betiere muga ekologikoak eta planetaren birsortzeko gaitasuna errespetatuz. Horrela bakarrik banatu ahal izango dira modu justuan trantsizioaren onurak eta kostuak.
Lurraldea defendatzea ez baita trantsizio baten aurka egitea. Trantsizio hori babesten duen horrekin koherentea izan dadila eskatzea da, hau da, natura, paisaia, biodibertsitatea eta mundu osoko pertsonak.
Egin behar dugun nahitaezko trantsizioa planetaren kapitalismo harraparia ez den eredu berri baterantz eramango gaituena da. Ezkerreko komunikabide bat kapitalismoaren aurrean belaunikatzea (berdin dio “berdea” bada ere) onartezina eta kezkagarria da. Hausnarketa eskatzen dizuegu.


